13 oct 2013

1_ENTREGA_Turismo pabilioia Zamoran



Hau da lehen ariketarako egin dugun proposamena:







Ikus daitekeenez, gure proiektua bi gorputzez osatuta dago, teilatu arinaren bidez lotuak: kristalezko bloke nagusia, informazio gela barne hartzen duena, eta programaren beste erabilerak gordetzen dituen bloke trinkoa. Bi gorputz hauek toki horretan dagoen arkuak markatutako perspektiba areago dezaten kokatuta daude. Gure asmoa plaza ez inbaditzea izan da, baina aldi berean lotura izatea berarekin bai pabilioia bai plaza (aurrexistentzia) aberastuko duen elementuaren bidez: harmailak. Hauek biren arteko jauziari erantzuna ematearen funtzioa ere badute.

Proiektuan berebiziko garrantzia dute zoruaren eta estalkiaren planoak; lehena sendoa eta lurrean ongi errotua dagoen bitartean (plinto antzekoa), bestea arina eta lerdena da. Bien artean, aurretik hor zeuden lau zutabe aurkitzen dira, zorua zulatuz baina sabaia ikutu Gabe. Zutabe hauek beirazko kutxari fatxada ematen diote, benetako itxitura, zein ia ikustezina den, atzerago kokatzen baita.

 
Beste blokeari dagokionez, bi orriz egindako harrizko horma sendoaz eratuta dago, bertako arkitekturari erreferentzia zuzena eginez; are gehiago, Gaztelako usotegiak gogorarazten duen fatxada du, tarteka zulatua, alegia, zamoratarrek eraikina gertua eta beraiena senti dezaten. Kanpoko orria da erritmo bat jarraituz zulatuta dagoena; barrukoak leihoen irekidurak ditu, kanpoko orriaren babespean. Era honetan, egunez fatxada uniformea dirudi eta gauez argia zenbait zulotatik irteten da.



Gorputz sendo honek estalkia zeharkatzen du, ibilgarria baita. Izan ere, proiektu honen bereizgarri diren Vierendel zertxek barandila gisa ere jokatzen dute. Egitura, beraz, paraleloki kokatutako bi zertxa hauetatik eskegitako habexkez osatuta dago; zertxak, berriz, zutabe metalikoetan eta harrizko hormetan finkatuta daude.




Laburbilduz, proiektuak bertako elementu eta eraikitzeko era batzuk integratzen ditu, betiere errepetuzko jarrerakin, gure iritzian, eta orainaren eta iraganaren arteko lotura eginez. 








10 oct 2013

T A B A K A L E R A

Astelehenean arkitekturaren eguna izanik, aste guztian zehar ekintza ezberdinak antolatu ditu Tabakalerak, hauen artean obrara bisitak antolatuz. Arkitekturako 4.mailako ikasle izanik eta proiektuak hasieratik sortu zuen interesa zela eta, bertara gerturatu nintzen. Eraberritze proiektua izateak obrari xarma berezia ematen diola iruditu zait beti eta kasu honetan ere honela izan da. Zaharraren eta berriaren artean nolabaiteko gertutasuna nabari zen, egituran, adibidez. Egitura metaliko originalak (habexka metalikoak eta adreiluzko gangatilak) gaur egungo habe metaliko izugarrien ondoan uskeria ziruditen, baina guztiok harritu ginen 1890eko eraikin batean material honetako egitura presente izatea. Oraindik amaitzeko pare bat urte falta badira ere, espazioen altuera, jarraitasun, patio nagusiaren zuritasunak eta argi naturalaren sarrera ugariek ematen zuten sentsazioa atsegina zen.
Beraz, nahiz eta erabileran erabateko aldaketa eman, eraikinaren dimentsioek eta itxurak azken emaitzan asko lagunduko dutelakoan nago, kultura garaikidearentzat gune ezin egokiagoa izanik.
Hurrengo bisitarako gonbitea jasotzen dugun artean, ondoko irudiekin uzten zaituztet.














2 oct 2013

Bidaiatzearen koloreak

Santiago Alba Rico, "La mirada Canibal" irakurri ondorengo gogoetak:

Bidaiatzean gure kezka nagusia maletan zer sartuko dugun eta bisitatuko dugun herrialdean ikusiko duguna antolatzea den artean, beste askorena bidaiaren amaierara iristea da. Haien herrialdetik irtetea lortzea, hau, benetako amets gaiztoa izatera irits daitekeelarik. Ekintza beraren ikuspuntu erabat ezberdinen gainean ari zaigu Santiago Alba Rico "La mirada canibal" artikuluan, hau da, bidaiatzearen ekintzaz.

Zuri eta beltzen arteko ezberdintasuna aipatzen du. Zuria turismoa litzateke; beltza, ordea, immigrazioa. Hitz eta kolore hauen inguruan ditugun ideiek bat datozela dirudi egun dugun elkarretaratzean. Baina zilegi al da kolore hauek azalarenarekin lotzea? 

Tristea izanik ere, artikuluan aipatzen den eta errealitatean askotan ikusiko zenuten moduan, egunerokotasuneko isla da. Turismoa batzuen esku soilik dago, beste askori zailtasunak soilik jarriz. Jatorrizko herrialdearen arabera gizarteak helburuko lurraldean egingo duzuna erabaki du. Herrialde garatuenetakoek aisialdia betetzeko bidaiaren argazki formako oroitzapenak aterako dituzte seguruenik, itzultzean familia eta lagunei erakusteko nahikoa izango dutela pentsatuz. Hirugarren mundutzat ditugun herrialdeetatik lan bila ateratzen direnek, ordea, oztopoz beteriko bidaia deserosoa izango dute. Batzuk ametsa betetzeko zortea izango dute, beste batzuk, aitzitik, artikuluan izendatzen diren bi haur afrikarren amaiera izango dute, itzultzeko txartela galduz.

Ezer gutxi egin daiteke urteetan zehar eman den fenomeno honen aurka. Kontziente izanik eta ondokoei honi buruz informatze soilak etorkizun urrunean aldaketa ekar dezakeela pentsa nahi nuke.

Artikulu osoa: