26 feb 2014

bragançArt | AURRE-EMATEA

Bragançan egingo dugun proiektuarekin hasteko, lekuaren analisia eginda aurreko sarreran, ondoko erabakiak hartu ditugu:

-Hiria berpiztea gure proiektuaren bidez, mugimendu internazionalak eta baita hiri barrukoak sustatuz. Horretarako, ARTEA erabiliko dugu elementu erakargarri eta berraktibatzaile gisa: tailerrak, erakusketa guneak, artisten topaguneak…

-Programaren ANIZTASUNA eta eskaintzen dituen aukera zabalak ikusita, FRAGMENTAZIORA jo dugu, gure formalizazioaren oinarri bihurtuz ere.

-Programa, beraz, zelula bidez osatutako multzoa da, hirian zehar heda daitekeena; minimoa edo proiektuaren muina ciudadelako proposaturiko eremuan eta eliza ondokoan kokatzen bada ere, etorkizunari begira hiriko espazio publikoetara eraman daiteke zelula neutro hori, Bragança “inbadituz”, gure proiektuaren eragin eremua handituz. Ondorioz, aukeratutako arkitekturak HEDAKORTASUNA du ezaugarri, eta baita bere barneko erabileraren indeterminazioa, hau da, ia erabilera ororentzako moldakortasuna, POLIBALENTZIA.


3 feb 2014

BRAGANÇA | PROGRAMAREN INGURUAN

Bragançaren azterketa eginez, detektatutako arazorik handienetakoa ciudadela eta hiriaren arteko deskonexioa izan da. Gainerako hiriarekiko jasota dagoen ciudadela kondentsatutako historiaren aztarna izoztu gisa ageri da gaur egun, luze hildako arrastoak bezala. Garai batean erdigunea zena gaur egun jada erlikia bihurtu da.
Hala ere, ez da hilda dagoen gune bakarra, hiri osoa lotan bezala dago. Horregatik, gure eraikina ezin da bere eremura mugatu; bere eragina hiri osora zabaldu beharra dago, hiria berpizteko eta ciudadela eta gainerako hiria elkarlotzeko.
Horrez gain, ciudadelan izoztutako identitatea berreskuratu beharra dago, eguneratu, gaurko gizarteari eta behar berriei egokitu.
Eremuaren kokapenaren ezaugarriei esker (muinoan, lurraldearen gainetik, hau ikuskatzeko toki estrategikoan), paisaiaren bistak aprobetxatzea egokiena litzateke, paisaia naturalari etekina ateraz eta eraikina aberastuz.


 Hau guztia kontuan izanik garatuko dugu gure hotelerako proposamena. Hau hiriak berez erakarriko dituen turisten euskarri izateaz gain, turisten eta bertakoen arteko elkargunea ere izango da, eta ezagutzaren trukaketarako gunea ere. Horretarako, hotel soilari jarduera berezia gehitu diogu: eremua gaur egun ixten duen harlangaitzezko horma deuseztatuta, bere harriak berrerabiltzea artista bisitarien eskura jarriz, nahi duten artelana edo hargintza lana egin dezaten, harriekin soilik, beste materialekin nahastuz, margotuz…
Ideia da arte iragankorra egitea, artistek edo zaleek egina, behin eginda, argazkiak ateratzeko aukera izatea eta denbora batez mantentzearena, baina ondoren etorritako bisitariek desegin dezakete eta harriak berrerabili.